
Agur sozialak
COVID-19 isolamendu egoera bukatutakoan egitekoak
2020ko apirila
Covid-19 gaitzaren inguruan sortu den isolamendu egoeragatik hil direnei agurrak egiteko aukera atzeratu arren, agur hauen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Agur sozialak deitu ditugu, hil den pertsona ezagutu duten pertsona guztiak joan daitezkeen agurrari, hurbileko lagun eta familiarekin batera, omenaldia egin ahal izateko.
Zergatik
Hil den pertsonari maitasuna adierazi eta omenaldia egitea oso garrantzitsua da, pertsona horren bizitzak duen garrantzia partekatzeko eta bera maite dutenen sentimenduei bidea ireki ahal izateko. Agurra taldean egiteak esperientzia gogorraren humanizazioan eta bizitzaren dignifikazioan asko laguntzen du, eta ondorengo doluan ere asko lagundu dezake.
Nola
Ez dago modu zehatzik. Hildakoak berak nola egitea nahi duen adierazi izan ez badu, familia eta lagunarte bakoitzak bakoitzaren egoera diseinatutakoa izango da egokiena.
Orain arte gure herrietan elizan egin dira hiletak eta denok ezagutu izan dugu gutxi gora behera agurra egiteko modua edo gidoia. Gaur egun ohikoa da hileta zerbitzuek dituzten lekuetan agurra antolatzea. Baina lekua txikiegia delako edo bestelako agurra nahi izanez gero, agur soziala egin ahal izateko baliabideak bilatu egin behar dira: lekua, agurra bideratuko duen pertsona, gidoia, parte hartzeak, …
Agur sozialak egiten laguntzen duten enpresa eta taldeak sortu dira hainbat herrietan, eta laguntza handia eman dezakete horrelako agurrak antolatzerakoan.
Kontutan hartu beharreko alor batzuk ekarri nahi ditugu, baliagarriak izango direlakoan. Ohar batzuk British Humanist Association elkartetik jasotakoak dira (goiko irudia ere bertakoa da).
Lekua eta soinua: Herri askotan heriotza agurrak egiteko lekua eskaintzen du udalak eta bertan galdetu daiteke. Askotan leku txikiak dira eta herri txikietan hiletetara joaten diren pertsona guztiak sartzeko ez dira izaten nahikoa. Ateri den bitartean kanpoan egin daiteke, soinu ekipamendua eskuratuta. Aukera bat izan daiteke, gutxienez bideratu eta parte hartuko duten pertsonek eta soinu ekipamenduak aterpea izatea da.
Agurra bideratuko duen pertsona: Pertsona bat behar da agur ekitaldia gidatzeko, baina antolaketa 2 edo 3 pertsonen artean egitea egokiena izan daiteke: Gidoia egokitu, leku fisikoa antolatu, parte hartzaileak bideratu, eta abar. Gidoia zehatz idatzita uztea komeni da, azken momentuko ezusteak gertatuz gero, beste pertsona batek bideratu ahal izateko.
Denbora: Hil den pertsona duintasunez eta humanitate guztiarekin agurtzeko behar den denbora ondo zaindu behar da, laburregia ez luzeegia ez izateko. Agurraren ezaugarrien arabera aldatuko da, baina ohar orokor moduan, 20 minutu baino gutxiago ez izatea; eta 60 minutu baino gehiago ez izatea hartu daiteke.
Elementuak:
Hizkuntza sinbolikoa: argazkiak, loreak, kandelak, hitza eta isiltasuna,… Sinboloek eragin handia dute norbanakoaren kontzientzian eta inkontzientean, eta taldean eginda, indar handia dute esanahiak partekatzeko. Betidanik erlijioek erabili dutena da baina ez da beraiena bakarrik, hizkuntza humanoa baita. Gizarte mailan berreskuratu eta erabiltzea proposatzen dugu.
Kultur sorkuntzak: kantua, musika, bertsoa, dantza,… Aisialdi hutsa baino haratagokoa da beraien indarra. Pertsonaren izatearen muineko jarduna dira eta humanitatea performatzeko moduak osatzen dituzte. Osasun-terapietan ere erabiltzen dira, muin horren adierazgarri. Hil den pertsonaren bizitzaren esanahiak osatzeko modu bezala erabiltzea proposatzen dugu. Ondo legoke, bakoitzak bere erara, erabilitako sorkuntza lanen egileak ere gogoan izatea.
Parte hartzeak: Hil den pertsona hurbiletik ezagutu eta hitz edo kultur sorkuntzen bidez omenduko dutenak. Parte hartuko duten pertsonen minetik abiatuta egindako ekintza baino, hil den pertsonarengan zentratutakoak izatea da indargune berezia. Oreka zaintzea komeni da: pertsonen artean (inor ez baztertzeko) eta denboraren kudeaketan (agurra gehiegi ez luzatzeko). Bakoitzarekin zenbat denbora izango/beharko duen argitzeak eta honen garrantzia argi adierazteak asko lagunduko du.
Irudi eta soinu elementuak: Argazki bildumak, bideoa, gogoratzeko esku-orriak,… hildako pertsona gogoratzeko eta omentzeko erabili daitezkeen elementuak dira. Hautatutako elementuen beharrizan teknikoak zaindu behar dira: pantaila, soinua,..
Sinpletasuna eta jasangarritasuna:
Heriotza agurren diseinuan ahal den neurrian sinpletasuna eta jasangarritasuna zaintzea proposatzen dugu, ekintza sozialekin sarritan gertatzen baita formak gero eta garestiago eta konplikatuagoak izatea, hildakoari ohorea erakutsi nahian. Hil den pertsonari maitasuna eta bere bizitzak izan duen zentzua eta garrantzia adierazteko moduak ez dute zertan ikusgarriak izan behar gure ustez.
Garrantzitsuena ikusezina da
Printze Txikia. Antoine de Saint-Exupéry
Hemen, lagunartean egitea aukeratu dutenentzako eskuartean ditugun aholku orokorrak jaso ditugu. Besteentzat ere agur sozialak egiteko lagungarri izan daitekeen aholkurik edo oharrik izanez gero, jarri mesedez gurekin harremanetan.