Bertso-ipuin bat zuretzat

 

bertso-ipuinaBertso-ipuin bat zuretzat
Maitasunez kantatzeko bertso-ipuinak

Jaitsi PDFan

Zer da?

BERTSO-IPUIN BAT ZURETZAT egitasmoak zaintza aringarrietan dauden haurrentzako bertso-ipuinak eskaintzen ditu. Borondatezko bertsolari eta kideek osatutako taldeak bideratzen du egitasmoa.

Haurrarentzat bereziki sortutako bertso-ipuina eskaintzen dugu, haurrari berari eta/edo familiari galdetutako elementuen bidez sortuz. Bertso-ipuinaren bidez haurra erdigunean jarri eta garrantzitsua dela adierazteko modu bat eskaini nahi dugu, berarentzat bereziki egindako kantuarekin.

Haurraren familiari eta lagunei maitasuna adierazteko aukerak eskaini nahi dira, berarentzat sortutako bertso-ipuinaren istorioaren eta kantuaren bidez.

Nola?

Egitasmoko kide bat haurrarekin eta/edo familiarekin (gurasoak eta anai-arrebak) egongo da bertso-ipuina sortzeko elementuak biltzeko. COVID-19 osasun krisiari egokituta, bideo-dei edo telefono deiaren bidez egingo da harreman hau. Kide honek egitasmoan parte hartzen duen bertsolari taldeari emango dizkio elementu hauek bertso-ipuina sortu dezaten, eta behin sortuta, familiari helaraziko dio bertso-ipuina idatziz eta dagokion doinuarekin. Haurrarentzat bereziki sortutako bertso-ipuina kantatzeko aukerak hainbat izan daitezke: aurrez-aurre, grabatutako bideoan, familiak kantatuta edo bere lagunek,…

Non?

Euskal Herri osoan zehar zaintza aringarrietan dauden haur guztiei zuzendutako egitasmoa da. Haurrarengana heltzeko COVID-19 egoerak jarritako segurtasun neurriak eta familiaren beharrak zainduko dira.


BERTSO IPUIN BAT ZURETZAT egitasmoa Hil Argi Elkarteak bideratzen du eta oinarri hauek ditu:

  • Intimitatea: Protagonista bakarra haurra da eta egitasmoa intimitate horretan ardaztuko da.
  • Bizitzari kantua: Bertso-ipuina, bizitzari egindako kantua da, haurraren omenez.
  • Borondatea: Kultur sorkuntzak beste edozein lan bezala ordainduak izan behar diren arren, egitasmo honek parte hartzaileen borondatezko eskaintza du oinarri.

Informazio gehiago jaso edo edozein galdera argitzeko,
jarri gurekin harremanetan:
hilargi[abildua]hilargi.eus
+34 644 357 368