Agur intimoak
COVID-19 isolamendu egoeran ere,
hil direnei hurbilenekoek egiteko agurrak
2020ko apirila
Zer da proposatzen dena
Covid-19 gaitzaren inguruan sortu den isolamendu egoeran hil berri denari bere hurbilekoenek elkarrekin batera agurra egin ahal izateko modu bat. Etxe ezberdinetan dauden senitartekoak biltzeko teknologia errazenak erabilita eta aurretik ezer prestatu gabe egiteko moduan.
Zergatik
Hil den pertsonari maitasuna adierazi eta omenaldia egitea oso garrantzitsua da, pertsona horren bizitzak duen garrantzia partekatzeko eta bera maite dutenen sentimenduei bidea ireki ahal izateko. Agurra taldean egiteak esperientzia gogorraren humanizazioan eta bizitzaren dignifikazioan asko laguntzen du, eta ondorengo doluan ere asko lagundu dezake.
Norentzat
Hil den pertsonaren hurbilekoenentzat, haurrak barne. Agurra egiteko modu hau momentu zailenetan isolatuta dauden hurbilekoenak teknologia errazenarekin, aurre-prestaketarik gabe eta talde txikian egiteko modukoa da.
Aukera dagoen guztietan hildakoari norberak ere omenaldi txikiak egiteko aukerak baliatu ditzake, eta isolamendua bukatutakoan ere, denbora hartuta, beste omenaldi egokituago bat prestatzeko gonbidapena luzatu nahi dugu, parte hartze handiagoarekin eta adierazpen modu ezberdinekin: kantu, musika, marrazki, bertso, idatzi,… Ekitaldi horren bidez hil den pertsona maite eta ezagutzen zuten guztiek parte hartu ahal izango dute, eta hildakoa omendu.
Nola apurtu distantzia
Agurra bideratuko duen pertsona: pertsona bat behar da agurra gidatzeko, batez ere distantziara egindako agurra denean. Gidoia egokitu, teknologia kudeatu, parte hartzeak zaindu eta bideratu, eta denboraren zaintza egingo du. Bideratzailea izango da.
Hizkuntza sinbolikoa: argazkiak, loreak, kandelak, hitza eta isiltasuna,… Sinboloek eragin handia dute norbanakoaren kontzientzi eta inkontzientean, eta taldean eginda, indar handia dute esanahiak partekatzeko. Betidanik erlijioek erabili dutena da baina ez da beraiena bakarrik, hizkuntza humanoa baita. Gizarte mailan berreskuratu eta erabiltzea proposatzen dugu.
Teknologia: Parte hartuko duten pertsonen jakintza eta erabilera teknologikoa oso ezberdina izango da, konexio eskasa edo/eta internet konexiorik ez dutenak ere izan daitezke. Denentzako erraza izango den modua izan behar da. Hainbat teknologia probatu eta buelta asko eman ondoren, eta agurrak behar dituen ezaugarriak kontuan hartuta, bideoa baztertu eta Jitsi Meet bidez telefono dei-kolektibo bidez egitea proposatzen dugu.
- Bideratzaileak ordenagailua/mugikorreko programa erabiltzea deia sortzeko
- Beste partaide guztiei zein telefonotara deitu eta ze kode sartu behar duten adieraztea
- Orain eskaintzen dituen telefono zenbakiak hauek dira: Hegoaldean +34 932 205 409; Iparraldean: +33 1 84 88 6478
- Ondoren, talde-dei bakoitzarentzat automatikoki sortzen den PIN edo zenbaki-kodea sartu behar da, traola (#) teklari emanez. (Adibidez: 1262508897#)
- Jitsirekin bideratzaileak ezin ditu ordenagailuan partaideen izenak jarri, zein den zein jakiteko. Telefono zenbakiak bakarrik ikusiko ditu.
Gidoia: Hildakoaren eta partaideen ezaugarrietara egokitu behar da gidoia. Hemen, ideia orokor batzuk besterik ez ditugu proposatzen, baliagarriak izan badaitezke kontutan hartzeko:
- Leku bat irudikatu (denentzat ezaguna dena, edo asmatutakoa), denak borobilean eta erdian elementu bat jarrita (argazkia, kandela, ura loreekin,…).
- Agurra egiteko tartean, partaide bakoitzari eskatu, ahal duen neurrian, bere minetik deskonektatu, eta pertsona hori bizi balitz bezala, berarenganako sentitzen duten maitasun eta esker onean zentratzeko.
- Isiltasun momentua egin, minutu bat inguru, agurra hasteko. Ordura arteko hizketaldia baretu eta beste momentu batean sartu ahal izateko.
- Bakoitzak bere barne ahotsarekin – isiltasuna izango da denek entzungo dutena – hildakoari sentimendu hauek adierazteko tarteak gidatu: maitasuna adierazi; barkamenak eskatu; barkamenak eskaini; eta esker ona adierazi. Eman tarte bakoitzari denbora, azkarregi ez izatea.
- Tarte bat ireki daiteke, norbaitek hildakoaren omenez zerbait adierazi nahi izanez gero.
- Amaiera, hildakoaren gustuko kanta, poema edo adierazpide batekin, edo gehiagorekin, eman daiteke. Sinesduna izan bada, berak erabiltzen zuen otoitz edo kanta izatea ere adierazgarria da. (Agurra hil den pertsona omentzeko dela uste dugu, bere nahietan zentratuta, norbere printzipio edo kokapen bitalari koherentziarik kendu gabe).
Guzti hauek ideiak besterik ez dira. Ez dago formula zehatzik agurrak egiteko. Egokiena, talde bakoitzak emandako zentzuarekin egindakoa izango da, zalantzarik gabe.
Lagungarri izan daitekeelakoan, SECPAL, zaintza aringarrietako Espainiako elkarteak argitaratutako aholkuak ekarri nahi ditugu hona (gaztelaniaz). Frantsesez eskuratzeko lanetan gabiltza.
Isolamendu egoeran hilurren dagoen pertsonari agurra edo omenaldia egiteko aukerak ere aurreikusi ditugu. Horrelako egoeran bazaudete, jarri gurekin harremanetan.