COVID-19 isolamendu egoera bukatutakoan
herrian hil diren guztiei egiteko omenaldia
2020ko apirila
Zer da proposatzen dena
Covid-19 gaitzaren inguruan sortu den isolamendu egoeran herrian hil diren pertsonei omenaldia antolatzea, beraien hurbilekoei babesa eman eta herritartasunean sakontzeko.
Zergatik
Hain egoera gogorrean hil diren herritarrei omenaldia egitea onuragarria izango da bai doluan diren herritarrentzako, baina baita beste herritar guztientzako ere, elkartasuna adierazi eta bizitza guztien balioa handia dela adierazteko modua izan daitekeelako. Hil direnei herrikideek edo komunitateak benetakotasunez egindako ekintzek duten garrantzia handia da, eta heriotzaren humanizazio prozesuan asko laguntzen dute.
Nola
Ez dago modu zehatzik, baina ezaugarri batzuk zaintzea proposatu dezakegu:
Udalak bultzatuta, baina ez instituzionala: Hil diren herritar guztiei egin beharreko omenaldiaren antolaketa udalak bultzatzea egokiena izan daiteke, herriaren ordezkaritza demokratikoa berak baitu, baina bere papera eragilea izatea eta ekitaldia herrikideen artean egindakoa izatea komeni da, familiei lekua gordeta, baina beste pertsona guztiek maila berean parte hartuz. Herritarren parte hartze osoa bultzatu eta herritarren arteko elkartasuna bultzatzeko aukera da.
Omenaldia bideratuko duen pertsona: Pertsona bat behar da omenaldia gidatzeko, baina antolaketa 2 edo 3 pertsonen artean egitea egokiena izan daiteke: Gidoia egokitu, leku fisikoa antolatu, parte hartzaileak bideratu, eta abar. Gidoia zehatz idatzita uztea komeni da, azken momentuko ezusteak gertatuz gero, beste pertsona batek bideratu ahal izateko.
Lekua eta soinua: Herrikide asko bertaratu ahal izateko moduko lekua izan behar da, eta herriko talde ezberdinek omenaldian zehar parte hartzeko aukera emango duena: musika banda, abesbatza, dantza taldea, bertso-eskola,…. Hurbileneko senitartekoentzat leku bat gordetzea komeni da.
Denbora: Bertaratutakoak zutik egonez gero, omenaldia ezin izango da 30 minutu baino luzeagoa izan. Eta eserita egonez gero, 60 minutu baino gehiagokoa ez izatea komeni da.
Herriko taldeak eta eskolako haurrak: Herri mailako omenaldia izanda, kultur sorkuntzen inguruan dabiltzan talde batzuk parte hartzea proposatzen da. Parte hartze denborak ondo banatzea beharrezkoa izango da. Herrian dauden ikastetxeen parte hartzea ere indartsua izan daiteke, hil diren pertsonen hurbileko haurrek eta beraien gelakideek lore bana hartuta ekintza sinboliko bat eginez (itsasora edo errekara bota, herriko leku berezi baten utzi,….).
Sinpletasuna eta jasangarritasuna: Heriotza agurren diseinuan ahal den neurrian sinpletasuna eta jasangarritasuna zaintzea proposatzen dugu, ekintza sozialekin sarritan gertatzen baita formak gero eta garestiago eta konplikatuagoak izatea.