Agurren garrantzia,
batez ere COVID-19aren krisian
(2020ko apirila)
Hil Argi Elkartetik agurrak egitearen garrantzia zabaldu nahi dugu. Agurrek – edo omenaldiek, zentzu berarekin erabiliko baititugu bi hitzok – hil den pertsonak gugan izan duen garrantzia azpimarratu eta omenaldia egiteko, agurrean partaide direnen emozioak adierazteko modua eskaintzeko, eta besteak beste, heriotzaren esanahiak partekatzeko balio dute.
COVID-19ak eragindako osasun krisian agurrek berebiziko garrantzia dute. Hil Argi Elkartetik, hiru mailatako agurrak egiteko aukera proposatu nahi dugu:
1) Isolamendu egoeran ere, egin daitezkeen agur intimoak
Agur intimoa izendatu dugu hil den pertsonaren hurbilenekoen artean etxean egindako agurra. Maite den pertsonaren heriotza gertatu eta isolamendu egoeragatik bildu ezin direnak teknologia bidez “elkartu”, eta hildakoari maitasuna eta esker ona adierazi diezaiokete. Aukera dagoen guztietan hildakoari norberak ere omenaldi txikiak egiteko aukerak baliatu ditzake, eta isolamendua bukatutakoan, familia eta lagunarte zabalagoarekin batera agurra egitea komeni da.
Gehiago irakurri
2) Isolamendua bukatu ondoren egiteko agur sozialak
Agur soziala izendatu dugu ohikoa den hileta agurra. COVID-19ak agur hauek atzeratu beharra ekarri du, baina egin egiteko proposatu nahi dugu, agurrek bete dezaketen funtzioagatik. Orain arte gure herrietako elizetan egin dira hiletak eta denok ezagutu izan dugu gutxi gora behera agurra egiteko modua edo gidoia. Gaur egun ohikoa da hileta zerbitzuek dituzten lekuetan agurra antolatzea. Baina lekua txikiegia delako edo bestelako agurra egin nahi delako, agur soziala antolatzeko baliabideak bilatu egin behar dira: lekua, agurra bideratuko duen pertsona, gidoia, parte hartzeak, …
Gehiago irakurri
3) Isolamendua bukatu ondoren herri mailan egiteko omenaldia
Herri bakoitzean (auzoan edo herri txiki multzoetan), koronabirusagatik edo bestelako arrazoiengatik hil diren pertsona ugari izan daitezke. Heriotza hauen humanizazioan egin daitekeen lana onuragarria izango da bai doluan diren herritarrentzat, eta baita beste herritar guztientzako ere, elkartasuna adierazi eta bizitza guztien balioa handia dela adierazteko modua izan daitekeelako.
Gehiago irakurri
Hizkuntza sinbolikoak eta kultur sorkuntzek agurrak egiterakoan duten garrantzia
Hizkuntza sinbolikoa:
Argazkiak, loreak, kandelak, hitza eta isiltasuna,… Sinboloek eragin handia dute norbanakoaren kontzientzian eta inkontzientean, eta taldean eginda, indar handia dute esanahiak partekatzeko. Betidanik erlijioek erabili izan dutena da baina ez da beraiena bakarrik, hizkuntza unibertsala eta humanoa baita. Gizarte mailan berreskuratu eta erabiltzea proposatzen dugu.
Kultur sorkuntzak:
Kantua, musika, bertsoa, dantza,… Aisialdi hutsa baino haragokoa da beraien indarra. Pertsonaren izatearen muineko jarduna dira eta humanitatea performatzeko moduak osatzen dituzte. Osasun-terapietan ere erabiltzen dira, muin horren adierazgarri. Hil den pertsonaren bizitzaren esanahiak osatu eta eraikitzeko modu bezala erabiltzea proposatzen dugu.